Páginas

2010/03/06

Toledoko bisigodoen erresuma

Europa osotik ibilaldi luzea egin ostean, V. eta VI. mendeetan, bisigodoak Espainian finkatu ziren. Beren erresumak Toledon zuen hiriburua eta erreinu hau izan zen Iberiar penintsulako batasun politikoaren lehenengo saiakera. VIII. mendearen hasieran musulmanak etorri arte iraun zuen.

Germaniarren etorrera

409. urtean suebo, bandalo eta alanoek Pirinioak gurutzatu zituzten eta beren bidean inolako trabarik aurkitu gabe Iberiar penintsulan finkatu ziren.

· Suebo eta bandalo asdingoak Gallaecian (Galizia) finkatu ziren.

· Alanoak Lusitanian finkatu ziren.

· Bandalo silingoak Betikan.

·Handik gutxira, Erromak inbaditzaileak menderatzeko bidali zituen bisigodoak ere, Iberiar penintsulan finkatu ziren.

476. urtean, bisigodoek Tolosan (Toulouse, Frantzia) hiriburua zuen erresuma ezarri zuten eta horrek Galia eta Hispaniako lurralde zabalak hartzen zituen. 507. urtean, Vouilléko batailan frankoek garaitu eta gero, Galia utzi eta Hispanian finkatu ziren.

Bisigodoen erresuma berriak Toledon izan zuen hiriburua eta Iberiar penintsulako hiri garrantzitsuenetan soldadu-taldeak zituen. Sueboek beren nagusitasuna Ipar-mendebaldean mantendu zuten eta bizantziarrek hego-ekialdeko itsasalde guztia okupatu zuten.

Hispanian finkatu ziren bisigodoen kopurua ez zen ehun milatik gorakoa izan, orduan herrian bizi ziren bost edo sei milioi hispanoerromatarren aurrean. Desberdintasun horrek, bisigodoek agintea izan arren hispaniar gizartearen hizkuntza, kultura eta erlijioa bereganatzea arrazoitzen du. 

Antolakuntza politikoa

Hasieran, nobleek aukeratzen zituzten errege bisigodoak; baina une batzuetan, kargu hori gurasoengandik semeengana igaro zen. Botereagatiko borrokak etengabeak izan ziren eta errege asko kargutik kendu edota hil izan ziren.

Toledoko erresuma bisigodoak bere goreneko unea VI. mendearen bigarren zatian eta VII.aren lehenengoan lortu zuen, Leovigildo eta bere seme Rekaredoren erregealdietan.· Leovigildok (573-586) erregearen agintea sendotu zuen, sueboen erresuma anexionatu eta germaniar eta hispanoerromatarrentzako lege berak ezarri zituen.

· Rekaredok (586-601), noble bisigodoekin batera kristautasunera bihurtuz, erresumako erlijio-batasuna bultzatu zuen.

Erregearen boterea legeak, arau moralek eta justiziak mugatzen zuen, gainera Elizaren Kontzilioek bere ekintzak zigortu ahal zituzten. Bere zuzentze-lanean Aula Regiak laguntzen zion, hura noble, epaile eta gortesauek osatzen zutelarik. Horiek erregeak berak izendatzen zituen eta beren lana ondorengoa izaten zen:

· Legeak prestatu eta militar arloko eta politika-gaietan erregea aholkatzea.  Legeen promulgaziora azaltzea. · Epai-funtzioetan erregearekin batera aritzea.

Erlijioa eta zuzenbidea

Leovigildok, Eliza katolikoak heresiatzat hartzen zuen arrianismoa, erresumako erlijio ofizial bihurtu zuen eta horrek suebo eta bizantziarren arteko gatazkak ekarri zituen. Horiek katoliko bihurtu zen (579) bere semea Hermenegildorekin bat egin zuten eta, Sevillan errege aldarrikatu eta gero, Estatu bisigodoaren kontrako guda hasi zuten.

585. urtean Leovigildok sueboak Braga eta Oporton garaitu zituen eta horrekin batasun politikoa lortu zuen. Bizantziarrek oraindik ere lurralde batzuk mantendu zituzten, Sisebuto (612-621) eta Suintilaren (621-631) konkistak izan arte. Geroago Rekaredok, katolikotasunera bihurtuta, erresumaren erlijio-batasuna lortu zuen.

Toledoko IV. Kontzilioa (633) eta gero, erregeek legegintza-lanetan kontzilioen babesa eskatu zuten. Erregeak deitzen zituen eta, Aula Regiaren laguntzarekin, erlijiozko gaiak jorratzeaz gain legeak prestatzen zituzten.

Erresuma bisigodoren ekarpen nabarmena, godo eta hispanoerromatarrei ezargarria zen lege-kode baten aldarrikatzearekin batera, zuzenbidearen bateratasuna izan zen. Liber Iudiciorum delakoak (654) Leovigildoren Kodeko legeak bildu eta Estatuaren legegintza-batasuna adierazi zuen.

Erresuma bisigodoaren amaiera

Wambaren erregealdia eta gero (672-680), frankoak Septimania eta Tarrakonensen garaitu zituena, noblezia eta monarkiaren arteko borrokek erresuma bisigodoa ahuldu zuten eta musulmanen sarrerari ezin izan zion aurre egin.

710. urtean, Afrikako Iparraldeko gobernadore musulmana zen Tariken tropak gaur eguneko Tarifan lehorreratu ziren. Hurrengo urteko uztailan, musulmanek, On Rodrigoren aurka zegoen noblezia bisigodoaren alderdi batekin aliatuak, azken errege bisigodo hori garaitu zuten Guadaleteko borrokan .

Behin On Rodrigo hilda, musulmanek Penintsularen okupazioa hasi zuten eta honekin batera, erresuma bisigodoa bere azkenera heldu zen.

Baskoiak eta Toledoko erresuma

Bisigodoek ez zuten inoiz baskoiak menderatzerik lortu. Izan ere, baskoiek gogor egin zieten behin baino gehiagotan, bai bisigodoei eta baita haien auzo ziren frankoei ere. Septimaniako eta Tarrakonenseko matxinaden alde egin zuten Wambaren agintaldian, eta pixkanaka Akitaniako hegoaldean kokatu ziren. Bertan Baskoniako dukerria sortu zuten dux baskoi baten agintaritzapean.

Bisigodoak lurralde lauen jabe egin ziren hainbat alditan, eta bertan kokaleku militarrak ezarri zituzten mendialdeko baskoi oldartsu haiek kontrolatu ahal izateko.

Data garrantzitsuak

· 409 Suebo, bandalo eta alanoak Hispanian sartzen dira.
·410 Bisigodoek Erroma arpilatzen dute eta beren buruzagi Alariko hiltzen da.
·413 Ataulfok bisigodoak Galiako Hegoaldera gidatzen ditu eta han federatu moduan finkatzen dira. ·418 Valiak Tolosako (Toulouse) erresuma bisigodoa sortzen du.
·430 Galizian suebo erresuma sendotzen da.
·468 Bisigodoek, Eurikoren menpean, Espainiaren gaineko protektoratua ezartzen dute.
·476 Odoakrok, Romulo Augustulo kargutik kentzean, Mendebaldeko Inperioari amaiera ematen dio.
·507 Frankoek, Vouilléko borroka eta gero, bisigodoak Galiatik botatzen dituzte.
·573 Leovigildoren erregealdiaren hasiera.
·576 Leovigildok hiriburua Toledon ezartzen du.
·585 Leovigildok erresuma sueboa okupatzen du.
·589 Rekaredok ofizalki katolikotasunari atxikitzen zaio, Toledoko III. Kontzilioan.
·629 Suintilak Espainian bizantziar agerpenari amaiera ematen dio.
·654 Rezesvintok Liber Iudicioruma aldarrikatzen du.
·711 Guadaleten arabiarrek On Rodrigo garaitzen dute.




No hay comentarios:

Publicar un comentario